Hay 1307 invitados y ningún miembro en línea

JEFcorbataNafarroako Gobernuaren
Administrazioan plantillen eta
buruzagitzen azterketa

Administrazioa 2018 ekaina

Azterketa hau egiteko 2017ko abuztuaren 3an argitaratutako plantilla organikoan oinarritu gara, 2016ko abenduaren 31n zeuden langileei zegokiena, berriena delako. Aintzakotzat hartu dugu, halaber, Gobernuaren organigrama, zeina eguneratua agertzen den navarra.es webgunean.    

Nafarroako Gobernuak berriki ezagutarazi du aparteko Lan Eskaintza Publikoa (LPE) eginen duela, 2.137 lanpostutakoa. Horrez gain, duela hilabete batzuk 716 buruzagitza, oraindik orain nahierara beteta daudenak, hornitzeko prozedimendua, merezimendu eta gaitasunaren bidez, hasiko zuela iragarri zuen. Abenduan buruzagitza horiek betetzeko izangaiek izan behar dituzten betebeharrak publiko egin zituen eta otsailean argitara eman zituen buruzagitza horien erdia merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia, hauetara 2019 urtean beste erdia gehituko zaie.      

LAB aspaldi eskatzen ari da LEP masiboa onartu behar dela eta buruzagitzetara heltzeko entxufismoarekin behin betikoz amaitu behar dela. Irudi lezake Gobernuak hartu dituen neurriak ildo horretan doazela, baina irudikatze hori errealitatetik at dago. LEPa eznahikoa da prekarietatearekin amaitzeko; buruzagitzen deialdia egitean erabili diren baldintzatzaileek ez dute utziko, haien eskuratzean, demokratizazioa eta berdintasuna gauzatzen.    

“Nafarroako Gobernuaren Administrazioan plantillen eta buruzagitzen azterketa” honetan, LAB sindikatuak egungo errealitatearen azterketa egiten du, ikustarazten da egungo buruzagitzen sistemaren burugabekeria, Administrazioari eragin arazo larriak antzematen dira, Gobernuak egin urratsak aztertzen dira eta egiazko demokratizazioari ekiteko, prekarietatearekin eta matxismoarekin amaitzeko, eta hortaz, Nafarroak askoz ere arrazionalagoa, eraginkorragoa eta demokratikoagoa den Administrazioa izan dezan LABen proposamena agertzen da.

JEFplantilla

 Egungo plantilla: zaharkitua eta prekarioan

Behin-behinekotasuna

JEF1Plantilla organikoan jasotzen diren 4.433 lanpostuetatik, 3.314 funtzionarioak dira (%74,8), bien bitartean, 1.119 betegabeko lanpostuei dagokie (%25,2), langile kontratatuez bete beharko liratekeenak, hala ere guztiak ez daude beteta.     

Administrazioaren lau lanpostuetatik bat betegabea da. Datuok erakusten dute prekarietate maila onartezina dela, eta egoera hau aspalditik badator ere, inongo gobernurik ez du serioski ezer proposatzen egoera horrekin amaitzeko. Aurrekoek, ez zutelako inolako asmorik zerbitzu publikoak hobetzeko, eta egungoak, erabaki duelako Madriletik datozen ezarpenei aurre eginen ez diela. 

Behin-behinekotasun handiak hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitateari eragiten dio, eragozten baitu egin lanari egonkortasun eta jarraipen handiagoaz hornituko dituzten plantillak sendotzea. Era berean, aldi batez kontratatu diren pertsonek beren etorkizunean segurtasun eza nozitzen dute. Erran dezakegu, sistemari ongi datorkiola langile finko eza, aitzakia bikaina delako pribatizazioak, deribazioak eta enpresa pribatuei egin lanen esleipenak zuritzeko. Honen harira, azpimarratu behar da, inor ohartu gabe gertatu bada ere, legegintzaldi honetan ere, eutsi zaiela zerbitzuen pribatizazioei.  

Bereziki deigarria da Ogasunaren adibidea, non TRACASA “erakunde baliabide”tzat hartzen den, zeinari mandatu asko eta oso anitzak bidaltzen zaizkion. Honetan egiazta daiteke, urtez urte, joera leheneratu edo geldiarazi baino, dagoen enplegu publikoa berreskuratu edota hari eutsiz behintzat, Erakunde Autonomoak egin ohi dituen zereginen zati bat oraindik kanpora bidaltzen den; horren adierazgarri, horretara esleitu aurrekontu-partida progresiboki handitu izana dugu (2018. urterako, Ekonomia eta Ogasun Departamentuan bakarrik, 6.229.191 € suposatzen duena, alegia, 2016. urteari esleitu aurrekontu-partidarekin alderatuta, %20a baino handiagoa den hazkundea).

 

JEF2

Zaharkitua

Maila honetako prekarietatea pairatu behar izateaz gain, langileen batez besteko adina oso handia da. Gutxi gorabehera, langileen %60ak 50 urte baino gehiago ditu. Aitzitik, inork gutxik dauka 30 urte baino gutxiago. Hau urte pila batez oposizioak deitu ez izanaren ondorioa da. Errelebo eza sail guztietan antzematen da. Bizigarri zerbait behar da; aski ongi prestatuak daudenak ez daitezke funtzio-publikora heldu Madriletik ezarri murrizketak direla eta. 

Kontuan hartu behar da datuok 2015eko erroldatik hartuak direla. Hori dela eta, litekeena da, egun enplegatuek daukaten adina handiagoa izatea, erreleburik gauzatzen ez delako. Egoera horrek alarma guztiak piztu beharko lituzke, Zerbitzu Publikoen etorkizuna arriskuan paratzen ari delako.

JEF3







Foru Administrazioan lan egiten dutenen adinak, Nafarroako populazio aktiboaren adinarekin alderatuta, erabateko desorekatzea erakusten du. Administrazioak datozen urteotan larriagotuko den arazoa du.

Sexuen arabera sailkatu

Aztertu den plantilla-organikoak 4.433 lanpostu hartzen ditu guztira; horietatik 1.119 betegabeko lanpostuei dagokie.

JEF4Ezin ditugu sexuka azter kontratatu diren pertsona hauek; hori dela-eta funtzionarioekin arituko gara batez ere, 3.314 guztira.  

Dena den, ez dugu uste datuok desitxuratuko diren kontratatutako langileak kontuan hartzen ez direlako. 

Emakume-funtzionarioak 2.063 dira (%62,3), aldiz, gizon-funtzionarioak 1.251 dira (%37,7). Hots, langileak, nagusiki, emakumeak dira, eta gainera, joera etengabe handitzen eta handitzen ari da.

 

 

JEF5

 

 

 

 

 

 

Departamentu guztietan emakumeek gehiengoa osatzen dute, Landa Garapena, Ingurumena, eta Toki Administrazioan izan ezin, non gizonak plantillaren %56,7 diren eta emakumeak %43,3a. Egoera honelakoa izatearen arrazoi nagusia basozaintzan diharduten 113 lagunetatik, gehienak, gizonak izatean datza.


Emakume-ehunekoa altuagoa den Departamentuak Osasunekoa eta Eskubide Sozialetakoak dira. Emakumeak gehiengo dira, ikaragarri, area asistentzialetan, zaintzaile gerontologikoengan, haur hezitzaileengan, langile zein hezitzaile sozialengan, etab.

Mailaka

Administrazioara postu batean sartzeko eskatzen den titulazioari begira, langileak bost mailatan sailkatzen dira (A; B, C, D, E). Eta honakoa da langileen banaketa: %19a A mailari dagokio, %22a B mailari, %29,7a C mailari, %21,3a D mailari eta %8a E mailari.” Datu hauei sexu-faktorea eransten badiogu, goiko eta beheko mailen arteko diferentziak ikusiko ditugu.

JEF6

Deigarria da E mailakoak gutxi direla (266 eskaski, %8a). 

Datu honek berresten du maila hau deuseztatzeri ekiteko beharra eta  D mailari itsats dakiola, honezkero beste administrazioetan egin antzera.

Sexuaren arabera, egiaztatzen dugu emakumeak nagusi direla maila guztietan, A mailan izan ezik.JEF7

Euskara betebehar duten lanpostuak

Gobernuak eman dituen datuen arabera, nafarren %25ak daki euskara eta %14ak euskara ohiko komunikazio hizkuntza du. 

Gobernuaren Programa Hitzarmenean, Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek sinatua, hiritar ororen hizkuntza eskubideak babestea eta hizkuntza normalizazioan aitzinatzea defendatzen da. Politika publikoetako esparruan adierazten da “Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika proaktiboa eta positiboaren sustatzaile nagusia izan behar duela, bermatuz nahi duten hiritarrek administrazioarekin euskaraz harremanetan jarri ahal izatea”. Horrengatik adosten da “administrazio esparruan, hiritarrei euskaraz ahalik eta atentzio gehien emango zaiela, haien hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen”. Hitz politak bezain hutsak. 

Errealitatea zera da: Administrazioak euskara bazter uzten du lanpostua eskuratzeko baldintza gisa. Baina baztertu, hiritarrak baztertzen ditu Administrazioak, ukatzen dielako Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako batean harremanak izateko eskubidea. Administrazioaren kudeaketak berak egiten du legeria eta araudia osoa eta euskara erabiltzearen aldeko hitz polit guztiak alferrikakoak izatea. 

Plantillaz egin dugun analisiaren atal honetatik at utzi dugu, lehen aipatu sektoreez gain, Hezkuntza Departamentu osoa, ezaugarri bereziak dituelako. Deigarria eta gaitzesgarria deritzogu lau Departamentuetan euskararen ezagutza eskatzen diren lanpostu bakarra ez izateari: Garapen Ekonomikoa, Ogasuna eta Finantza Politika, Osasuna eta Kultura, Kirola eta Gazteria. Guztira, 1.307 lanpostu daude hauetan, eta betekizuna ez da inon eskatzen. 

Hots, Administrazioak bereganatu du eta ezartzen dio hiritar orori, harekin lotu behar diren harreman guztiak, esparru horietan, erdaraz egingo direla. Egoera ez da askoz ere hobea gainerako Departamentuetan. Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko Departamentuan 603 lanpostu daude. Horietatik bitan eskatzen da euskara (%0,33a). Bi lanpostuak Toki Administrazioan daude.

Eskubide Sozialetako Departamentuan, 882 lanpostu dituena, 5 lanpostuetan eskatzen da euskara jakin behar dela, baina 5 lanpostuetatik, hiru bete gabeak daude, eta horietako bakarrean horretarako kontratatua dagoen pertsona batez betetzen da. Hots, praktikan, izatez, euskara eskatzen diren lanpostuetan lanean ari direnak ez dira 5, hiru baizik, alegia, Departamentuan dihardutenen %0,34a. 

Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justiziakoak 588 lanpostu du plantillan, horietatik, hirutan eskatzen da euskara baldintza gisa, hots, %0,51a. Izan gogoan ez ditugula aintzakotzat hartu Suhiltzailetan eta Foru Polizian dihardutenak; kontuan hartuko bagenitu, portzentajea askoz ere apalagoa litzatekeelako. 

Azkenik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremak Departamentuan, 161 langile dituenak, euskara 57 lanpostuetan eskatzen da (%35a). Departamentu honetan sartzen da Euskararen Nafar Institutua–Euskarabidea, non, logikoa denez, euskara eskakizun den haren 53 lanpostuetan. Hortaz, Euskarabidearen salbuespena izan ezik, 108 langile osatutako plantilla batean, 4ri bakarrik eskatzen zaie euskara (%3,7a).

Datuok honelakoak izaki, justifikagaitzak dira alderdi politiko, sindikatu eta hedabide jakin batzuek, euskarari egiten dizkioten erasoak Administrazioan. Ulergaitza da ere Gobernuan daudenak, Administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea babesten omen duten horiek, ezer egin ez izana hura berma dadin. Gaur egun hiritarrek euskaraz tramiteak egin badezakete, langile euskaldunen inplikazioari eta asmo onari esker izan da; inork gutxik eskertzen ez duena.

 

JEFjefaturas

Hipertrofia, nepotismoa, matxismoa eta eraginkortasunik eza. Eredu kutsatua

JEFcorbata

Administrazio egitura

Nafarroako gobernuaren egitura organikoak duen berezitasunen bat haren hierarkizazioa dugu. Piramidala eta oso banatua da. Departamenduetan, Zerbitzuetako Zuzendaritzetan, Ataletan eta Bulegoetan antolatzen da.  

Administrazio unitate hauetako bakoitzaren buru buruzagi bat dago. Teorian, Zuzendaritza Orokorrek Zerbitzuak koordinatzen dituzte, Zerbitzuek Atalak eta azken horiek Bulegoak. 

Hau guztia 15/2014 Foru Legeak arautzen du, non, adibidez, Atalak aipatzen dituenean, esaten da hari dagokiola “Bulegoek edota haien menpekoak diren unitateek egiten dituzten jardueren koordinazioa, zuzendaritza eta kontrola”. Orduan, nolatan dago horrenbeste Ataletako buruzagitzak Bulegorik ez dagoen lekuetan? Batzuetan, Atal horren menpeko pertsona bakarra buruzagi bera besterik ez dago. Bertze hainbertze gertatzen da Bulegoetan. Bulego asko eta asko buruzagi batez bakarrik osatuak daude. Buruzagitza hauei buruzagitzari dagozkion ordain-osagarriak egokitzen zaizkie (%10 bulegoetakoei, %20 atalekoei eta %30 zerbitzukoei). Alegia, jende asko plusa jaso ohi du bere buruaren buruzagia izateagatik.

Buruzagitza hauetarako heltzea erabat  arautua dago 215/1985eko Foru Dekretuan.

Hartan ezartzen da heltzeko sistema merezimendu lehiaketa izanen dela, eta salbuespenez bakarrik, aldi baterako izaera duen buruzagitza izendatu ahal izanen dela merezimendu lehiaketa deituko den arte. Ba hara, gaur egun, buruzagitzen gehien-gehienak apetaz izendatzen dira. UPNk Nafarroa beraiena bailitzan zuzendu zuen, eta salbuespena arau bihurtu zuen: buruzagitzen izendapenak erabili zituen bereak saritzeko, justifika ez zitezkeen soldata-igoera batzuekin. Tamalez, egungo Gobernuak, egun arte, berdin jokatu du, eta izendatu dituen buruzagitza guztiak nahieran paratu ditu.

Antolatzeko eredua

Buruzagitzen gaiari berriro ekin baino lehen, pentsatu behar dugu egungo antolatzeko ereduak Nafarroako administrazioaren eta haren hiritarren beharrizanei erantzuten dien. 

Ereduak aldagaitz dirau duela hamarkada batzuk eta hierarkizazioan eta banaketan oinarritzen da. Gaur egun, 4.433 langilez osatu plantilla batean 852 buruzagitza daude.

JEFAlegia, Nafarroako Gobernuan lan egiten dutenen %19,2ak buruzagitzaren bat dauka. 861 buruzagitza horietatik, 716 nahierara izendatu dituzte.

Geroa Bairen egungo legegintzaldian, izendatu diren buruzagitza guzti-guztiak berdintasun, gaitasun eta merezimendu prozedura bete gabe gauzatu dira.

JEF8





Bulegoak baino Atal gehiago dituzten Departamentuak badaude. Egoera hau Zuzendaritza Nagusi batzuetan, gehiegizko erabilera du eta ez dio inongo behar antolatzaileri erantzuten.  

Beharrezkoa izango litzateke, Administrazioari koherentzia eta eraginkortasuna emateko, erabateko transformazioa.
Ikus daitekeenez, Departamentu batzuetan buruzagitza bat dago hiru langileko, baita bi langileko ere. 

Adibiderik eskandalagarriena Osasun Departamentuan ematen da, non 65 pertsonek egiten duten lan, eta ia erdiak (27) buruak diren. Aztertzen badugu zenbat buru dauden Zuzendaritza Nagusika edota Zerbitzuka, ikus daiteke horietako batzuetan langileen erdiak buruzagitzen bat duela. Osasun Departamentutik atera gabe, “Ezagutza Planifikatzeko, Ebaluatzeko eta Kudeatzeko Zerbitzuan” 22 lanpostu daude, horietatik 12 buruzagitzei dagozkie. Zerbitzuko Zuzendaritza bat, 4 Atal eta 7 Bulego badaude 22 lanposturentzat. Buruzagitza hauetatik 9 pertsona bakarrez osatuak daude, hots, beren buruen buru dira, menpeko inor ez dutela. 

Beste adibidea Eskubide Sozialen Departamentuaren “Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia” dugu. Honetan 16 pertsonek (4 gizonezko eta 7 emakumezko funtzionarioak, eta 5 lanpostu bete gabeak) gehi Zuzendaritza Nagusiak dihardute. Gizon guztiek eta 7 emakumeetatik 5ek buruzagitza daukate. 

Garapen Ekonomikoaren Departamentuan bada Zerbitzu bat “Berrindustrializatzeko, Lehiatzeko eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzua” izenekoa. Bi Atalez osatua dago, ez du Bulegorik. Guztira bost langilez osatua dago, lanpostuetako bat bete gabea dago. Lau burutik hiru buru dira. Hots, Zerbitzuko Zuzendari bat eta bi Atalburu lau pertsonen lana koordinatzeko. 

Nafarroako Berdintasunaren Institutuan, Sustapen eta Kudeaketa Zuzendariordetza kokatzen da. Hartan hiru pertsonek egiten dute lan: Zuzendariorde berak eta bi Atalburuk. Bada Plangintza eta Programen zuzendariordetza ere, hartan lau pertsonek egiten dute lan: Zuzendariordea, bi Atalburu eta administrari laguntzaile bat. 

Inork uste du buruzagitza hauek guztiak justifika daitezkeela?

Zentzurik gabeko buruzagitzakJEF9

Gaur egun, 117 Bulegoko buruzagitzak pertsona bakarrez osatuak daude, hots, buruzagitzaren buruak bere buruari soilik agintzen dio. 

Badira ere 60 Ataleko buruzagitza pertsona bakarrez osatuak, eta 120k ez daukate inolako Bulegorik lotuta. Horrez gain, badira ere 25 Ataleko buruzagitzetan, inolako bulegorik ez izateaz gain, inork ez du Atalean lan egiten, ez bada, buruzagitza betetzen duena.

Guztira badira inolako zentzurik ez duten 322 buruzagitza. Burugabekeria hutsa. 

Alferrikako buruzagitza hauek guztiak Nafarroako Aurrekontuen 1. Atalaren sail komunetik ateratzen den diru-kopuru garrantzitsuak dira, langile publiko guztien soldatak ordaintzeko erabiltzen dena, alegia. 

LABen irudikoz antolatzeko eredua berritu behar da. Pertsona bakarrez osatuak diren Atal eta Bulegoko buruzagitza guztiak, zein Bulegorik ez daukaten Atal guztiak deuseztatu behar dira. Gobernuak aurreztuko lukeen dirutza D eta E mailetako soldatak handitzera esleitu beharko litzateke.

Buruzagitzen lehiaketa

Egungo Gobernua boterera iritsi zenean, LABek adierazi zion Administrazioaren egitura guztia berraztertu behar zela, buruzagitza gehienak justifikagaitzak zirelako. Proposatu genuen antolamendua askoz ere arrazionalagoa zen; adierazi genuen “buruzagietan” oinarrituriko egungo eredua aldatu behar zela, koordinazioan, lankidetzan eta taldeko lanean oinarritu beste batek ordezka zezan.

Tamalez, Geroa Bairen Gobernua ez dator bat gure ereduarekin eta UPNren “kortijo” garaitik datorren ereduari, ia osorik, eutsi dio. 

Lehen egunaz geroztik adierazi genuen nahierara egin izendapenekin amaitu behar zela eta buruzagitzetara heltzea langile orori zabaldu behar zitzaiola; adierazi genuen ere Administrazioaren unitate bakoitzean lan egiten dutenek funtsezko garrantzia izan beharko luketela buruzagitza bakoitza bere gain hartuko duen pertsona aukeratzeko. 

Gobernura heldu eta bi urte eta erdi igaro ondoren, azkenean, merezimendu lehiaketa deitu da buruzagitzen erdia betetzeko urtean zehar, eta gainerakoak datorren urtean. 

Buruzagitzen deialdia egin baino lehen, Gobernuak ezagutarazi zituen baldintzak horietako bakoitza eskuratu ahal izateko. Eskatzen diren betekizunak (gehienetan) zentzugabekeria hutsak dira. Elitistak eta baztertzaileak dira, ezgaitasunaren eta Administrazioak nola diharduen ezagutu ez izanaren adierazgarri dira. Tamalez, LABen irudikoz, buruzagitza hauetako askok badute izen eta abizena, deialdia egin aurretik. Bestetan, pertsona jakin batzuei aipatu buruzagitzetara heltzen eragotzi nahi zaiela dirudi. Horrengatik errekurtsoa jarri diogu aipatu betekizunak arautzen dituen Foru Dekretuari, hiru ildo nagusietan oinarrituz.


 

LABen helegitea maila jakin bat izateko eskatzen diren buruzagitza guztiei

Gure argudioetan agertzen dugu buruzagitzetara heltzeko berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak nagusitu behar direla, halaxe jasotzen baita Gobernuaren Programa-Akordioan: “Administrazioak profesionaltasun, gaitasun, eraginkortasun, hiritarrekiko irekitasuna eta funtzionarioek funtzio publikoaren jardueran parte hartze irizpideen arabera aritu behar du”. 

Ez dago justifikatua, aipatu buruzagitzetara heldu ahal izatea, maila jakin bat ez izateagatik, mugatzea eta murriztea. Ulergarriagoa litzateke eskatzen den betekizuna titulazio jakin bat izatea balitz, beti ere, egokiro justifikatuta. Administrazioan jende askok dauzka goi mailako titulazioak, beste mailei esleitzen bazaie ere. Pertsona hauek gaitasuna daukate buruzagitza horietara heltzeko, baina deialdia egin den eragatik, ez daitezke aurkez.




Adibideak:
A) Buruzagitzak mailaka esleitzeak egoera burugabeak ekar ditzake berekin, adibidez, albaitari bat 0 eta 3 eta Landa Eskolak Ataleko Buruzagitza batera aurkeztu ahal izango dela, non eskatzen den betekizuna A mailakoa izanik, ez daitezken aurkeztu irakasleak (B maila) nahiz haur hezitzaileak (C maila). 

B) Ez da ulergarria Agiriak eta Artxiboak Kudeatzeko Sistemaren Administrazio Bulegoaren Buruzagitzara artxiboetako goi mailako teknikaria ezin aurkeztea, buruzagitza B mailako langileentzat mugatua dagoelako.

LABen helegitea maila eta titulazio jakina izateko  betekizuna ezarri diren buruzagitzen aurkakoa

Gure irudikoz, titulazio jakina eskatuko denean, mailaren betekizunak desagertu behar du. Eskatzen den titulazioaren jabe den edonork bete dezake buruzagitzaren eginkizuna, gaur egun, beste maila batean diharduenaren gorabehera. Maila murrizteak ez du zentzurik, eskatzen diren mailetan koka ez daitezkeen pertsonen heltzea mugatzea ez bada.

Buruzagitza hauetan guztietan titulazio jakin bat eskatu ohi da, baina ez da egokiro argudiatzen hura titulazio egokiena dela, eta ez beste bat. Gaur egun unibertsitateko karreren eta beste ikasketen sorta ikaragarri dibertsifikatu da, batez ere Bolonia Plana ezarri zenetik. Duela urte batzuk titulazio bakarra zegoen lekuetan, gaur egun ohikoa da batzuk izatea, ezaugarri zehatzagoak betetzen dituztenak, baina gainerakoekin harremanak dituztenak oraindik. Titulazio mota bati edota titulu urri batzuei heltzea mugatu izanak Administrazioaren berdintasun eta eraginkortasun printzipioa mugatzen du.




Adibideak:
A) Pirinio Eskualdearen Kudeaketa sailaren buruzagitza. Eskatzen da: “biologian gradua edota lizentziatura, mendiko ingeniaritza edota gradua eta mendiko ingeniaritzan arautzen den lanbidea ahalbidetzen duen gradua edo masterra, edo biologo edo mendiko ingeniaria lanpostu baterako izendatua izatea”. 

Ez da ulertzen bestelako titulazio mota onartu ez izana, adibidez, Ingurumen-zientzian edota Natura-ingurunean lizentziatura, Basoko Ingeniaritza Teknikan,..... Gainera, A mailako pertsonei mugatzen zaie, gaur egun arte, antzeko buruzagitzetan B mailako pertsonek bete izan dutenean. 

B) Arrain-ustiapena Kudeatzeko Bulegoaren buruzagitza. Biologia titulua eskatzen da soilik, hamaika titulazio daudenean buruzagitza honekin bateragarriak izan litezkeenak.

LABen helegitea buruzagitza batzuetara heltzeko eskatzen diren betekizunen aurkakoa, non izendatze jakin bat izatea eskatzen den

Ez dago justifikatua aipatu buruzagitzetara heldu ahal izatea maila jakin bat ez izateagatik mugatzea eta murriztea. Administrazioan jende askok behar adinako titulazioak dauzka, nahiz eta bestelako izendapena izan. Pertsona hauek gaitasuna daukate buruzagitza horietara heltzeko, baina deialdia egin den eragatik, ez daitezke aurkez. Gainera, baldintza hau ezartzea ezberdintasun eta arbitrariotasunen iturri da.




Adibideak:
A) Ibaiak lehengoratzeko eta arrain-ustiaketa kudeatzeko Atalaren buruzagitza. Mendiko ingeniaritza edo bideetako ingeniaritzako izendapena eskatzen da. 

B) Lurzoru eta Klimatologia Bulegoaren buruza-gitza. Eskakizuna: agronomia-ingeniaria, biologia edota nekazaritzako ingeniaria teknikoaren lanpostu baterako izendatu izana. Bi adibideotan badira erabilgarriak diren hamaika izendapen eta titulazio. Betekizun hori ulergaitza da. 

Azken adibide honetan burugabekeria erabatekoa da, Informazioa Integratzeko eta Ezagutza Sortzeko Atala, non eskatzen den betekizun bakarra A edo B maila izatea den, hots, topa gaitezke latineko irakasle batekin edota erizain batekin Atala zuzentzen, non eta gero, bere Bulego batean jarduteko, agronomia-ingeniaria, biologia edota nekazaritzako ingeniaria teknikorako izendatu izana eskatzen den.

LABen irudikoz, buruzagitzetara aurkezteko aukerak ahalik eta zabalena eta anitzena izan behar du, eta irizpide orokorrak maila espezifikorik, titulaziorik ez eta izendapenik ere eskatu ez izana izan behar du. Hautapen prozesuan erabakiko da nor den pertsonarik gaituena kargua betetzeko, aldez aurretik beharrezkoa izango ez dela hautapen prozesua mailaka mugatzea. Gainera, kontuan hartu behar da merezimendu-lehiaketan titulazioa asko baloratzen dela eta aldea markatzen duela.

 

Euskara

Buruzagitzetan eginen diren 761 deialdietatik, 15etan bakarrik eskatzen da euskara:
- 8 Hezkuntzan 
- 6 Euskarabidean
- 1 Kulturan        
(Ez dago ezer esatekorik.)

 

Buruzagitzen analisia sexuka

JEF10Administrazioan emakumeen portzentajea %62,3koa da; hala ere, emakumeek betetzen dituzten buruzagitzen portzentajea %54,9koa da. Gizonak %37,7a dira, baina buruzagitzen %45,1a daukate.

 

JEF11

 

 

Ondoko irudian ikustarazten da Departamentu gehienetan buruzagitzetan dauden emakumeen portzentajea txikiagoa dela plantillan dagoen emakume portzentajea baino. Soilik Landa Garapenean eta Lehendakaritzan joera alderantzizkoa da. Honek erakusten digu oso urruti gaudela emakumeak buruzagitzetara heltzeko egiazko berdintasuna lortzetik. Sabai muga emakumeentzat egiazkoa da.

Ereduzko egoera batean, buruzagitzen portzentajeak sexuka plantillan dagoen bera izan beharko zuen. Errealitatea, aldiz, bestelakoa da: gizona izanik, aukera gehiago dago buruzagitzetara heltzeko. Egoera larriagoa da kontuan hartzen badugu buruzagitza gehienak nahieran izendatu direla eta nahiera izeneko hori oraindik-orain maskulinoa da.

JEF12




Emakumeak, buruzagitza guztien kopuruari dagokionez, baztertzeaz gain haien banaketan ere baztertzen dituzte, batez ere, buruzagitza apalenetan daudelako (Ataletan eta Bulegoetan), bien bitartean, gizonak gehiengoa osatzen dute maila gorenekoetan (Zuzendaritza Nagusietan eta Zerbitzuetan), nahiz eta plantilla osoan gutxiengoa diren.

Egonkortzeko LEP

Legegintzaldia hasi zenean, LABek proposatu zion Gobernuari hainbat urtetako egitasmoa landu behar zela, administrazioan dagoen behin-behinekotasun mailak lehengoratzeko. Beste hainbeste egin genuen hainbat urtetako egitasmoa proposatu genuenean, kendu ziguten eros-ahalmena berreskuratzeko.

Gobernuaren erantzuna, orain arte, bera izan da bietan. Ezer ez. Aitzakia dute Madrilek ezartzen omen dituela eskain daitezkeen lanpostuak baita kobratuko duguna ere. Geroa Bairen Gobernuak ez du ausardiarik gure subiranotasuna aldarrikatzeko eta inposizioak fitsik esan gabe onartzen ditu. 

Berriki, Nafarroako Gobernuak adierazi du, zalapartaka, 2.137 lanpostu egonkortuko duen lan eskaintza publikoaren deialdia. Horietatik, 361 lanpostu azterketa honen esparruari dagozkio. Ekar dezagun gogora bete gabeko lanpostuak 1.119 direla, hots, aterako diren lanpostuak atera beharko liratekeen lanpostuen herena direla. 

LABek horri guztiz eznahikoa deritza. Geroa Bairen Gobernua ezgauza agertzen ari da zerbitzu publikoetako langileen beharrizanak planifikatzeko. PPk eta CC.OO, UGT eta CSIF sindikatuen eskutik egin den xantaiari entzungor egin beharko lioke. Behin-behinekotasun maila honi eutsita kalte egiten zaie eraginkortasunari, efizientziari eta kalitateari Foru Administrazioan. 

Garaia da langileen gida-plana gara dadin departamentuetan. Denbora gehiago zain egon beharrak arazoak larriagotzen ditu bakarrik. Nafarroak kalitateko hezkuntza, gizarte-ongizatea, sanitatea, administrazioa,... behar du. Haren ondatzea uzten jarraitzea gobernu zintzo batentzat iraingarria da.

Ondorioak

Antolakuntzaren zentzugabekeria honelakoa izanik, LABek ondorengo gogoeta egiten du: 

Begi-bistatakoa da UPN eta PSN-ren gobernuek hamarkadetan kudeatu ondoren, eraman gaituzte egiazki negargarria den egoera batera, non adiskidekeria sustatu den eta zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia baino, interes pribatuei lagundu zaien. Administrazioa eginkizunez makaltzen eta husten utzi da, era berean ahal zen guztia pribatizatu da. Prekarietatea nagusitu zen eredu moduan eta aldi berean, Madrileko aginduak betez, langileen lan baldintzak hondatu eta hondatu dira. 

Honek guztiak pribatizazioak justifikatu duten zerbitzu publikoen funtzionamenduan narriadura ekarri du. Era berean, politika horrek enpresa jakin batzuk bultzatu ditu, gizartearen bizkar, krisialdi betean geundela, irabaziak handitzera. Horien adibide dira: osasungintzan diharduen enpresak, Mediterránea de Catering, hezkuntzako enpresak, zerbitzuetako enpresak,... 

Egungo Geroa Bairen gobernuak ez dio ekin nahi izan funtzio publikoaren eraldatzeari, lidergoa eta behar duen eraginkortasuna berreskuratzeko. Eutsi dio UPNren jarauntsia edo herentzia izan den administrazio egitura, eta eutsi die ere aurretikoek nahieran izendatu zituzten buruzagitza gehienei. Ez da planteatu egungo organigrama egokiena den, ez du proposatu ere egitura berraztertzea eraginkorragoa egin dadin. Bereziki larria deritzogu, Gobernuak hiru urte bete ondoren, buruzagitza guztiak nahierara izendatu izanari. UPNk ere, noizean behin, merezimendu-lehiaketa egiten zuen buruzagitza bat ala beste betetzeko. Geroa Baik, ezta hori ere!

LABen proposamena

• Lan Eskaintza Publikoa deitu, 1.119 betegabeko lanpostuez osatua Nukleon; Nafarroako Gobernu osorako 4.200 lanpostutakoa. Gutxiagorik ez.    

• Prebenitzeko neurri eraginkorrak eskatzen ditugu, behin betikoz amai dadin emakumeek Administrazioan pairatzen duten bereizkeriarekin.    

• Plantillaren zaharkitzeari aurre egiteko proposatzen dugu, behin-behinekotasunez, errelebu kontratua funtzionarioei oro har ezarriko ez zaien bitartean, enplegua banatzeko neurriei buruzko araudian balizko berria erantsi behar dela, horrela, lan-bizitzaren azken urteotan urte osoak hartu ahal izango dira soldatarik gabeko baimenetan edo neurri batez ordainduak.    

• Nafarroa osoan, hiritar ororen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak ezarri behar dira, eta Nafarroako bi hizkuntzetako batean, aukeran, mintzatu ahal izan gaitezen Administrazioarekin. Era berean, Nafarroako bi hizkuntzak islatu behar dira buruzagitzetako lanpostuetan. Hizkuntza normalkuntzak lanpostu guztiotara iritsi behar du.    

• Administrazioaren egitura osoa berrantolatu behar da. Gaur egun egiazko anabasa nagusi da. Zereginak zehaztu behar dira, langileak birkokatu behar dira betetzen dituzten zereginen arabera dagozkien mailetan, beharrezkoak ez diren edota menpean eginkizunik ez eta langilerik ez daukaten buruzagitzak deuseztatu behar dira.    

• Abian den buruzagitzetara heltzeko lehiaketa gerarazi behar da, beharrezkoak gerta daitezkeen eta beharrezkoak ez diren buruzagitzen azterketa eginen den arte. Halaber, eginkizunak eta lanpostu horien hornikuntza demokratizatzeko baldintzak berraztertu behar dira.

155. artikulu estali edo ezkutu baten ezarpena bizi dugu.
Madrilek kontrolatzen gaitu.
Estatuak ezarri politikei aurre egin behar zaio eta gure oraina eta geroa
erabakitzeko Nafarroako eskubidea defendatu.
TIRA LAB2

ADM M1 2024

afiliatu

 

afiliatu

 

 

 LOGO CORREO WEB